Historia

 

Bizkaiko Bainuetxeak

Bizkaiko bainuetxeak

XIX. mendean, Bizkaian bainuetxe ugari egon zen, hamabi hain zuzen: Areatza (Billaro), Artea (Gaztelu Elexabeitia), Elorrio (Bainuetxe zaharra eta Belerin), Etxano, Karrantza (Molinar), Kortezubi, Larrauri, Markina (Urberuaga), Urduña (La Muera), Zaldibar eta Zeanuri. Bainu-sasoia ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaitzen zen.

Bainuetxeek ez zuten nahi eta espero beste iraun, XX. mendearen lehen laurdenean medikuntza arloan izandako aurrerakuntzarengatik gainbehera hasi eta denbora gutxian ateak itxi behar izan zituzten.

Urberuagakoarekin batera inportanteena zen Zaldibarkoari ere 1922an heldu zitzaion ixteko ordua.

Urte horretan bertan erosi zuen Bizkaiko Aldundiak, bere lur eta guzti, Ospitale Psikiatriko bihurtzeko.

1923 eta 1925. urteen bitartean egoitza gehienak eraberritu eta Parkeko hotelaren ondoan Milagrosaren kapera neorromanikoa eraiki zen, Diego de Basterra arkitektoaren zuzendaritzapean.

Zaldibarko urak

Zaldibarko urak

Bost iturburu zeuden eta haiei zerien urgazia edo uratza bainuetxerako beren-beregi eraikitako uraska batera bideratzen zuten. Ur horiek 16 gradu zentigradotan egon ohi ziren, kolore argikoak ziren, usain sarkorrekoak eta gatz zapore mingotsekoak. Ur haiei zerizkien lurrunek metalak belztu egiten zituzten, bereziki zilarra.

Aspaldi estimatzen zituzten ur hauek azaleko erupzioak eta erreuma-gaitzak sendatzeko apartak baitziren. 1834. urtean jazotako bitxikeria batek areagotu zuen lehendik zuten izen ona. Zarakar herpesak (Herpes castrosa) jotako gaixo batek, Espainian zehar zeuden bainuetxe ugaritan emaitza onik lortu ezinik ibili ostean, aipatutako bost iturburuetako batean zenbait egunetan bainu hartuta erabat sendatzea lortu zuen.

Berria bolo-bolo zabaldu zen inguru guztietara eta ZALDUA (garai hartan hala zeritzon) herriaren eskariz egurrezko etxola bat eraiki zen, bainuontzi bakarra zuena eta bertara jo zuen makina bat gaixok eta euren gaixotasuna sendatu.

Lehenengo bainuetxea

Lehenengo bainuetxea

José María de Munibek, Peñaflorida XI. kondeak, bere lurretan jaiotzen ziren urgazi iturburuen onura publikoko deklarazioa eskatu zuen eta zazpi bainuontziko bainuetxea eraikitzea erabaki zuen, proiektu handiagoa garatzen zuen bitartean. Lehendabiziko gerra karlistaren ondorioz, kondeak Frantziara erbesteratu behar izan zuen eta ez zuen aurreikusitako epean proiektua gauzatzerik izan.

Itzulitakoan berriro heldu zion proiektuari eta, fakultatiboek ur sufretsuak analizatu ostean, 1844an lehen eraikina martxan zegoen. Bertan bainuontzi ugari zeuden. Handik gutxira, urek epe laburrean jende asko sendatu zutenez, ospe handia lortu zuten.

José María de Munibe jauna Markinan zendu zen 1850ean. Francisco Xabier de Munibe, Peñafloridako VIII. kondea eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen sortzailearen biloba zen.

Jabe berria

José María de Munibe jauna hil ostean, honen anaiak, Víctor de Munibe (Peñafloridako XII. kondea) hartu zuen bainuetxearen ardura. 1851. urtean bainu-galeria zabaldu egin zuen, gela eta bainuontzi gehiago jarri zituen baita zenbait areto espezializatu ere.

Bainuetxeak eta ostatuak nabarmen hobetu zituen, aldamenean kapera eta ostatua eraikiarazi baitzituen.

Bainuez gain, dutxak, zorrotada beroak, edateko ura, lohi igurtziak, lurrun-hartzea, garaztapenak eta ihinztapen aretoak ere eskaintzen zituen, tresna modernoenekin.

Bere uren izen onek garai ona ekarri zioten bainuetxeari eta Bizkaitik ez ezik, Euskal Herri osotik, Gaztelatik, Galiziatik, Aragoitik eta Kataluniatik ere hurbiltzen ziren gaixo ugari.

Zaldibarko legenda

Erdi Aroan legenar izenez ezaguna zen gaixotasun bat hedatu zen. Durangoaldeko neskatila ederrenaren gorputza legenarrak jo eta itxuragabetu zuen.

Jendeak, ezjakinak eta sinesberak, neskatila Jainkoak madarikatutzat hartu zuen eta neskaren sufrikarioei amaiera emateko, iturburu madarikatuko urak batzen zituen putzu beltz eta kirasdunean sartzea erabaki zuten, infernutik bertatik zetozela uste baitzuten.

Zoritxarreko putzuaren ertzeraino eraman eta, barrura bota ondoren, leku hartatik albait arinen alde egin zuten. Neskatila luzaroan aritu zen ur kirasdunekin borrokan, bizirik irauteko senari jarraituz, baina halako batean ertzera atera zen eta inguruko basoetan aurkitu zituen janaria (fruituak eta belarrak) eta babesa. Luze barik konturatu zen gorputza itsustu eta itxuragabetzen zioten oilaurrak lehortuta jausten ari zirela eta azpian azal osasuntsua agertzen zela. Honek ulertarazi zion putzuko urek eragin ziotela miraria eta, oraingoan bere borondatez, behin eta berriro sartu zen bertan. Berehala sendatu zen eta lehengo edertasuna berreskuratu zuen.

Orduan itzuli zen herrira, berarekiko laztura eta errukia sentitu zutenen artera. Maitasun handiz eta poz-pozik hartu zuten oraingoan, lehen bezain eder eta osasuntsu ikusita, Jainkoaren miraria izan zelakoan.

Ramiro, Nafarroako Santxo Abarka erregearen seme gazteena, ehiztari amorratua zenez, maiz etorri ohi zen Durangoaldera ehizean ibiltzera. Zaldibarren zegoela neskatila bertutetsu eta ederraren berri izan eta berarekin berba egitea erabaki zuen. Neskatilaren edertasunak liluratu egin zuen, maitemindu eta elkarrekin ezkondu ziren. Ura sortzen zen lekutik hurbil eraiki zuten jauregia eta bertan bizi izan ziren senar-emazteak. Herrikoek nahiz kanpokoek estimatzen zituzten. Eta euren leinukoak ere mendeetan zehar hor bizi izan dira eta orain urte gutxi arte Zaldibarko Dorre-Jauregia ere zutik egon da.

Hirugarren aroa

Victor de Munibe jaunaren heriotzaren ostean, fundatzailearen iloba zen Manuel Maria Gortazar jaunak hartu zuen bere gain bainuetxea eta ez zuen beste bainuetxe garrantzitsuek hasitako eraldaketatik kanpo geratu nahi izan. Garai hartako establezimendu onenen parean bazegoen ere, Gortazar jaunak 1882an bainu-terapia zentro aparta sortu eta Parkeko hotel bikaina eraiki zuen, orduko bainuetxeetako eta ostatuetako aurrerapen guztiak zituela. Bilboko Severiano Atxukarro arkitektoak Frantzia eta Alemaniako bainuetxe onenak aztertu zituen, bere eraikinean aurrerapen horiek guztiak ipintzeko.

Establezimenduko parkeak zuhaizti zabala, lorategiak, begiratokia, urmaela (ontzia eta guzti), tenis pista, musika-kioskoa eta pasealekua zituen. Eta egoitza barruetan: irakurketa-gela, piano-gela eta piano jotzailea, billarra eta kasinoan zori-joko ugari.

Lortutako arrakastaren adierazgarri hona hemen datu batzuk: 1880. urterako batez beste 500 gaixo joan ziren denboraldiko. 1882. urtean, berriz, 1.414 izan ziren eta epe laburrean 2.000ra iristea espero zen.

Trena

1882an Bilbotik Durangora zihoan bidea baino egiten ez bazuen ere, 1887ko uztailaren 1ean heldu zen trena lehen aldiz Zalduaraino, KRAUSS etxeko lurrunezko lokomotorarekin, eta ikusmin handia sortu zuen.

Garaiko egunkarietan ere letra handitan iragarri zuten Bilbo eta Zaldibarko Bainuetxea lotzen zituen trenbidearen inaugurazioa. Bilbotik, Bizkaia osotik eta Bizkaitik kanpo ere jende ugari hurbildu ohi zen bainuak hartzera. Hauek atsegin handiz hartu zuten Bilbotik Zalduara trenez joateko aukera zutelako berria.

Lehendabiziko trena Bilboko Atxuri geltokitik abiatu zen, goizeko lehen orduetan eta banderatxoak eta bestelako apaingarri ugarirekin. Txapliguak bota zituzten eta bertako “La Unión Artística” bandak goiz osoan animatu zituen inaugurazioa eta bidaia. Ordu beteko bidaia eginda heldu zen trena Durangora eta bertan egin zen Zaldurainoko zati berriaren bedeinkapena. Ondoren aurresku bat dantzatu zen, jendearen atseginerako.

Zalduan sartzean arku eta txaranga gehiago. Manuel Mª de Gortazar jaunaren Bainuetxean, eta Francisco de Igartua presidentearen eta Sabino Goicoechea zuzendari teknikoaren agurraren ostean, inaugurazioa ospatzeko bazkaria egin zen; menua, ohi bezala, aparta eta frantsesez idatzita, bazkaltiar guztien gozamenerako

Bainuetxe berria

Bainuetxe berria

Manuel Mª de Gortazar jaunak bere instalazio eta lur guztiak Bizkaiko Aldundiari saldu ostean, Udalak ahalegin handia egin zuen bost iturburuetako urak erabilera terapeutikoarekin lagatzea lortzeko etorkizunean ere.

Behin urak erabiltzeko baimena lortuta, herriak jo eta ke ekin zion bainuetxe berria egiteko ideiari. Eta ez zuen amore eman. Horretarako Zaldibarko Bainuetxe Barriaren Elkartea sortu zuten eta epe laburrean saldu zituzten jaulkitako 500 pezetako obligazio guztiak.

Jose Mª Basterra arkitekto bilbotarrak egin zuen eraikin berriaren proiektua eta 1924ko ekainaren 9an jarri zen lehenengo harria eta egin zen bedeinkapena, agintari zibilak eta eklesiastikoak ez ezik, eskolako umeak, bizilagunak eta Bainuetxearen Batzorde Iraunkorra ere bertan zeudela.

Iturburutik bainuetxe berriraino 250 metroko hodia jarri zen, galdara ur sufretsuz hornitzeko eta handik banatzeko.

Eraikin berria solairu bakarrekoa zen eta erdian patioa zeukan. Sarrerako alde banatan zeuden Zuzendaritza eta Administrazio bulegoak.

Proiektua azkar gauzatu zen. Bi urteren buruan, 1925ean, herritarren ametsa egia bihurtu zen bainuetxearen inaugurazioarekin.

Beren gaitzak sendatuko zituztelakoan edo atseden hartzera hurbiltzen zirenek aukera zabala zuten ostatu hartzeko: Zaldibar eta Lejarreta hotelak, Bekoetxe, Iñurrieta eta Geltokiko ostatuak, baita merkeago batzuk ere.

Oso errentagarria ez zenez, bigarren eraikin hau 1957an itxi eta 1970ean bota egin zuten. Gaur egun Agirre Lehendakariaren Parkea dagoen lekuan zegoen.