|
|
| · "IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU", IRAKURZALETASUNA BULTZATZEKO EGITASMOA ABIAN DA ZALDIBARREN | 2009-05-04 |
Zaldibarko Udal Liburutegiak “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoaren 3. edizioa martxan jarri eta hasi berri du. Egitasmoa uztailaren 24ra bitartean
mantenduko da eta Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioarekin batera eginen da, irakurketa sustatzeko xedez. Kanpaina, Euskal Herriko 21 herritan
gauzatuko da batera, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
Irakurri
Lehenengo pausua euskaraz irakurtzea da. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar.
Kanpainak dirauen bitartean, irakurle bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.
Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako 100 liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri. 90 berberak izango
dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera. Durangaldean 10 liburu proposatu dira.
Gozatu
Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun…
Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu
Azken pausua, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: bakoitzak nahi duenari eta norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua
izango da liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan. Horrez gain, Eixuko Bazkideek beste %25eko deskontua izango dute elkartekide
izateagatik.
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz: euskararen erabilera gozagarria sustatu
nahi da, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi dira ekimen honen bidez:
- Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea.
- Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea.
- Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Aurrekoetan bezala, egitasmoak bere webgune propioa dauka. Bertan, liburu bakoitzaren inguruko iruzkin txiki bat aurkituko du irakurleak, eta gainera,
beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Horrela, irakurleek aukera izango dute aukeratutako
liburuen inguruko iritzi trukea egiteko.
Hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri: www.topagunea.org/irakurri
Artxiboa Deskargatu
|
|
|